La Machine à Pinguin konpainia Jatsuko eskolan

Artistak haurrekin lanean: La Machine à Pinguin konpainia Jatsun

Antzerki-konpainia lehen urtekoekin egon zen hurrengo sorkuntza lantzeko.

 

La Machine à Pingouin konpainia Jatsuko Pierre Dirrabart eskolara joan zen, 2023ko azaroaren 20tik abenduaren 1era egonaldi bat egiteko. Egitaraua: artisten eta ikasleen arteko topaketa, filosofia-tailerrak eta antzerkia, “Elkarrekin bizitzea” gaiari buruz.

Artistak haurrekin lanean

 

Euskal Hirigune Elkargoak bitartekaritza-lanak egiten segitzen du, eta, horretarako, erregularki artistak gomitatzen ditu lurraldeko gazteekin topo egitera.

Murgiltze-egonaldien bidez zinezko trukada egiten da, artistek beren obrak elikatu ahal izateko eta ikasleek praktikaren bidez sorkuntza ezagutzeko. Helburu horietatik haratago, proiektu horiek hainbat gai aztertuz munduari edota beren buruari begiratzeko molde berri bat eskaintzen diete parte-hartzaileei –artistei, ikasleei eta irakasleei–.

Sortze-prozesua

 

La Machine à Pingouin konpainiaren talde artistikoa obra berri bat sortzen ari da. Hau da ikuskizun honen behin-behineko izena: La Falaise.


Egonaldi horretarako, Agnès Yobregat, Anaïs Sindera eta Luis Alberto Rodriguez artistak honako hauetaz inguratu ziren: Julie Vanderchmitt-ek filosofia-tailerra animatu zuen, CotéAct elkarteko Anne Berchon-ek antzerki-foroari buruzko aholkua eman zuen, eta Caroline Glain-ek segimendu administratiboa egin zuen.

 

Proiektu hau ikuskizun berrirako lehen lan-etapa da. Proiektu honek aukera ematen dio konpainiari bere hausnarketari laguntzen dioten profesionalak biltzeko. Parte-hartzaileen helburua gazteekin tailerrak animatzea bada ere, sortze-prozesu osoan artistentzako gaikako erreferente bihurtzen dira ere. Ikasleekiko topaketa inspirazio-iturria eta benetako proba da konpainiarentzat, “haur eta gazteekin” aipatu nahi dituzten gaien inguruan.

Hezkuntza-gaia

 

Konpainiak “Elkarrekin bizitzea” gaia hautatu zuen, eta, horri esker, ikasleek landu ahal izan zuten beren buruarengan duten konfiantzaren eta taldearekiko konfiantzaren gaia. Filosofia-tailerrek antzerki-tailerrak elikatu zituzten, eta “arauak”, “desberdintasuna” eta antzeko ardatzei buruzko solaserako bidea eman zuten. Sentimenduak hitzen eta gorputzaren bidez adieraziz, bakoitzak bere beldurrak gainditu ahal izan zituen eta bestearengana lasaitasun eta onginahi osoz joan ahal izan zen.

Ikasleen arteko elkarrizketa sustatzean, taldearen baitan zinezko bilakaera izan zela ohartu ziren hezitzaileak. Gazte guziek ere proiektuaren alderako atxikimendua erakutsi zuten denen artean egin bilanean, eta bakoitzak espero du saio horietan sortutako entzute- eta konfiantza-giroak iraunen duela.

Xehetasun gehiago