Maryse Urruty-rekin topaketa

(c) Nahia Garat

Nor zira? Zer egiten duzu? Eta zergatik?

Denboraldiko artistekin topaketak, kultura sortzaileen ikuspundutik deskubritzeko.

 

Itzuli konpainiak Oihana ikuskizuna aurkeztuko du, Kultura Euskaraz euskal sorkuntzaren hitzorduen barnean, martxoaren 12an, Donapaleun. Maryse Urruty zuzendari artistikoarekin mintzatu gara, konpainiari eta ikuskizun berriari buruz gehiago jakiteko.

Nor?

 

Maryse Urruty naiz, OIHANA ikuskizunaren idazlea eta taula zuzendaria, eta Itzuli konpainiaren zuzendari artistikoa.
Antzezlaria eta kantaria naiz ere, eta zitroin mousse arras onak egiten ditut.

Zer?

 

Oihana ikuskizunak antzerkia eta dantza uztartzen ditu.
Gero hurbilean, Lur amarekin bizi da Oihana. Mendeetan barna, familia honetako emazteek beren ezagutzak dantzaren bidez transmititu dituzte. Baina, katea moztu egin da. Oihanak ez du ikasi, ez du mintzaira ulertzen, eta ez ditu ulertzen lengoaia honek kontatzen dituen sekretu guziak. Gau batez, Oihana ohartzen da ametsaren bidez bidaia dezakeela. Orduan, bere iraganaren eta hizkuntza misteriotsu hori hitz egiten duten emazte boteretsuen bidera doa.

Zergatik landu duzu gai hori?

 

Haurrean, euskaraz mintzo nintzen. Baina, gero, ahantzi nuen. Eta, zorionez, hogei bat urterekin, euskara berriz ikasi nuen.
Ikuskizunean, euskararen transmisio istorio bat kontatu nahi nuen. Eta, orduan, begi bistakoa iduritu zitzaidan dantza metafora gisa erabiltzea.
Gozotasuna ekartzen du natura mehatxupean den mundu gogor batean, eta, gainera, esperantza iturri da.
Bestalde, hiru belaunaldiko emazte batzuen istorioa kontatu nahi nuen. Eta nahi nuen emazte bakoitza bere gisara heroi eder eta boteretsua izan zedin.
Hala, xedea da ikusleei pertsonaia femeninoekin identifikatzeko parada ematea, eta haien bizipenak istorio unibertsala izatea.

Informazio gehiago: