Tian Gombau, aka L'HOME DIBUIXAT konpainiarekin eleketan

 

Nor zira ? Zer egiten duzu ? Eta zergatik ?

 

Denboraldiko artistekin topaketak, kultura sortzaileen ikuspundutik deskubritzeko.

 

Katalanez, euskaraz, txinarez, erusiarrez....Tian Gombau bere ikusgarriak aurkezten ditu munduko hizkuntzak desberdinetan. Urtarrilan, Ipar Euskal Herriko bideetan biran da Zapata Bierrak ikuskizuna aurkezteko eskolendako saioetan.

NOR ?

 

Tian Gombau – L’Home Dibuixat konpainia Castelló de la Planan (Espainia) sortu zen, 1992an. 28 urteko ibilbideari, malgutasunari eta egokitzeko gaitasunari esker, 3.600 emanaldi baino gehiago eskaini ditugu, 4 kontinentetako 45 herrialdetan, eta 10 hizkuntzatan. Konpainiak 25 sari jaso ditu, Espainiako eta nazioarteko festibal ospetsuetan.
Gaur egun, Tian Gombau - L'Home Dibuixatek artista garaikideen unibertso estetikoak haur ttipienendako ikuskizun magiko bilakatzen ditu. Aldi berean poetikoa eta didaktikoa den gure lengoaiak emozioak transmititzen ditu eta tolerantzia eta gizatasun mezuak transmititzen ditu.

 

ZER?

 

Haur ttipienendako gure hirugarren ekoizpena da Zapata berriak. Hiru urtetik gorako haurrentzat eta familientzat sortu dugu. Konpainiak 2007an Pierre à pierre ikuskizunarekin hasi eta 2015ean Screen man ikuskizunarekin segitu zuen ibilbide berriaren parte da.

Lengoaia eszeniko berrien bila jarraitzen dugu, zeinetan jendearenganako hurbiltasuna funtsezkoa baita. Xedea da giza topaketak eta arte eszenikoen kausitze intimoak gertatzea, ahalaz ezohiko lekuetan.

Zapata berriak egiazko gertakari batetik abiatzen da –aktorearen haurtzaroko bizilekua izan zen  mediterraneoko Vinaròs herriko tradizio batetik–, gai unibertsal batera jauzi egiteko –ikaskuntza eta aurkikuntzaz beteriko iniziazio-bidaia, naturan–.  Nahi genuke ikuskizun hau  haurrendako abentura bat izan dadin, eta helduak haurtzaroko oroitzapenekin lot ditzan: kantu herrikoiak, naturarekiko harremana, iragaten den denboraren balioa. Izan ere, batzuendako zein bertzeendako lan egiten dugu, elkarrekin pasatako memento laburra bizipen berri bat izan dadin.

ZERGATIK?

 

  • Zergatik itzuli ikuskizuna 5 hizkuntzatan edo gehiagotan?
  • Zer ondorio ekartzen ditu halako itzulpen batek?

 

Filologiak beti izigarri interesatu nau. Arras gustuko dut hizkuntzak eta beren soinu eta musikaltasuna entzutea. Gisa berean, gustatzen zait hizkuntzen euskalkiak eta haien aberastasuna ezagutzea. Nire lanaren hartzailea den nazioarteko publikoa errespetatzeko eta gaur egungo kulturen aniztasunarekiko dudan maitasuna islatzeko, testuak gogoz ikasten entseatzen naiz, hizkuntzak horretarako aukera ematen duelarik behintzat. Batzuetan, horren kausitzeko zazpi ahaleginak egin behar ditut, baina ariketa honek jokatzeko erregistro berriak eskaintzen dizkit eta leku bakoitzeko ikusleen esker ona jasotzen dut. Bestalde, konpainiako aktore eta ekoizle gisa, badea mundu osoan jokatzea, nire lana aurkeztea eta pertsona eta kultura berriak ezagutzea baino aukera hoberik? Esker txarreko lana da testua beste hizkuntza batean ikastea; eta, gogoz ikastea, gauza zinez zaila. Baina, atsegin eta plazer handia sentitzen da urrats hori gainditu eta zure hizkuntza ez dela ahantziz jokatzen delarik. Zure hizkuntza ere bilaka daiteke, baina agertokian bakarrik. Hizkuntza bakoitzean esaldiak ez dira luzera berekoak, eta, ondorioz, egokitzeko ahalegin ttipi bat egin behar da; baina ez da biziki zaila. Batzuetan, hizkuntza batek, bere fonetikagatik, erregistro berriak aurkezten ditu; gero, "errateko" molde berri hori hizkuntza guziei integratzen diezu. Adibidez, euskarazko "geldirik hor !" erranaldiaren doinua frantsesezko "reste immobile !" baino gogorragoa da. Kasu honetan, arras soinu egokia da Tochoren pertsonaiarentzat, eta ederki integratzen da antzezlanean.

2018tik, Zapata berriak bost hizkuntzatan antzeztu da. 2008an sortutako Harriz harri ikuskizunaren kasuan, hamar hizkuntzatan interpretatu dut, eta ene ustez zailenak euskara, alemana, japoniera eta hebreera izan dira.

L'Home Dibuixat VS COVID

 

Shock bat izan zen tupustean gelditu eta jokatzeari uztea. Bazuen 32 urte hori egiten nuela, nire ofizioa zela. Berantago, ohartu nintzen geldialdi horrek jarrera interesgarriak eragin zizkidala: lasai egotea, ez kezkatzen (arduratzen) ikastea eta norbere burua gehiago zaintzea, ezer egin ezin den egoera berezi batean. Uste dut biharamunean zer gertatuko den ez jakitearen ziurgabetasunean bizitzen ikasi ahal izan dugula edo ikasi behar dugula. Aldiz, hori, bertze herrialde edo kontinente batzuetan, ohikoa da. Denak ez dira Europan bizi, non, batzuetan, hainbertzeko aurreikuspen eta gizarte-ongizatearekin, alderdi anitzetan pribilegiatuak garela ahanzten baitugu. Uste dut mundu mailako arrasta kolpe honekin ikusi dugula Lurra lasai utzi behar dela, ingurumena susper dadin. COVID-19aren ondotik, ez litzateke gauza txarra izanen gutiago kutsatzen duten aktibitate garai batzuk mantentzea, planeta bakarra dugula eta B planik ez dagoela pentsatzea.

2020 urte hondarrean erabaki genuen ikuskizun berri bat sortzea, baina aurten ezeztatutako ikuskizun guzien eta zorionez 2021ean berreskuratutako emanaldien ondorioz, ekoizpen berria gibelatu genuen, aldi batentzat.

Bestalde, COVID-19aren garaian bira egitera joatea zinez bitxia da. Norbere burua eta ingurukoak zaindu behar dira. Gaur egun, italiar moldean ari gara lanean, eta gure proposamenek behar duten hurbiltasuna galdu egiten da, baina egokitu eta bazterrak baretu arte itxoin behar dugu.

Baina, erran dezadan: lehen konfinamenduaren ondotik jokatu nuen lehen aldia arras esperientzia bitxia izan zen; batez ere maskatutako familien aitzinean jokatzea.