Compagnie La Boîte à Sel
- Objektu-antzerkia
- Musika
- Instalazioa - Arte bisualak
La Boîte à Sel konpainiak Céline Garnavault antzezle, antzerki idazle eta taula zuzendariaren bilaketa artistikoa sustatzen du. Horretarako, antzerki, txotxongilo ikuskizun garaikide, arte- eta musika-instalazioen arteko bidegurutzean dauden ikusmen-, soinu- eta teknologia-obrak proposatzen ditu.
2016an, Céline Garnavaulten ikerketa plastiko eta musikalak eta Thomas Sillard-en soinu-sorkuntza eta obra plastikoek topo egin zuten. Orduz geroztik, bikoteak hizkuntza eszeniko berri bat garatzen du: konektatutako soinuen objektu-antzerkia.
Elkarrekin antzerki musikaleko lanak ere idazten dituzte, komedia musikaletik eta antzerki burleskotik hurbil. Horietan soinua da akuilatzaile, eta batzuetan ikuskizunaren sujeta ere (Revers, Le Grand Chut.).
La Boîte à Sel Bordelen sortu zen 2000ko urrian. Ordutik, hemezortzi ikuskizun sortu ditu; haietan, batzuetan marrazkia (Galerie), beste batzuetan soinua eta teknologia berriak (Icare in situ, Boomer, Expérience soundpainting) gomitatzen dituzten instalazioak eta performantziak, eta baita ikusleak eta haien lurraldeak parte harrarazten dituzten epe luzeko proposamenak ere (karrikako artea, liburua, soinu-dokumentalak, ikuskizun parte-hartzaileak).
Konpainia atzerriko artistekin elkarlanean ari da. Bere sorkuntzak Frantzian eta nazioartean aurkezten ditu: Quebec, Brasil, India, Belgika, Herbehereak, Bosnia eta Herzegovina, Suitza. Gaur egun, Block, Le Grand Chut. eta Track ikuskizunak aurkezten ditu, Bad Block (2024) nerabe eta helduentzako proiekturako ikusleekin ikerketa eta sorkuntza lana egiten ari den bitartean. Azkenik, 2023ko urtarriletik ekainera, sorkuntza-laborategiak antolatuko ditu Itsas Sena departamenduan, Tourville-sur-Arques-eko herriaren, Dieppe Maritime hirigune elkargoaren eta Dieppeko Eszena Nazionalaren laguntzarekin, haur eta gazteei eskaini proiektu baten inguruan.
La Boîte à Sel konpainiak hitzarmena sinatu du Frantziako Kultura Ministerioarekin – Akitania Berriko Kultura Arazoetako Eskualde Zuzendaritzarekin. Funtzionamendurako dirulaguntza eman diote Akitania Berria Eskualdeak, Bordeleko hiriak eta Girondako Departamenduak. OARA - Akitania Berriko Arte Bulegoak eta IDDAC - Girondako Arte eta Kultur Garapenerako Departamendu Institutuak erregularki sostengatzen dute bere sorkuntza-proiektuetarako.